Halaxe hasi dugu ikasturtea, isildu gabe eta eskolara joateko gogoz. Matthias, berriz, ez dirudi oso pozik joan denik. Ez da erraza izan behar hiru hilabeteren ondoren hizkuntza berriarekin komunikatu ezina. Enaitzek eta Enarak, berriz, gurasoei txantaje emozional latza: "Amatxo, bihar negar egingo dugu". Barre egin dugu, Oihan bizikleta gorrian ikusi dugun bitartean. 3 urte ederrak dira, abestiz eta ipuinez betetakoak.
Aurten iaz baino presenteago izango dira hizkuntza ezberdinak txikiaren gelan. Errumaniera, Senegalgo ingeles bitxia, Ekuadorko gaztelania... eta, zorionez, goierritarra ez den euskalkiren bat. Eutsiko diogu, bai, geureari! Ziur aski, guraso denok pentsatuko dugu gauza bera, geure hizkuntzari eutsiko diogula. Zoritxarrez, galtzekoak nik dauzkat: arrasatear gutxi Ordizia aldean. Euskaradunak ere gutxi gure klasean.
Hain zuzen ere, hizkuntza galtzea izan da segregatutako ikastetxean matrikulatzean izan dudan beldurrik handiena. Eta ari gara, bai, erresistentzia eta arnasguneak sortzen, ahalegin handiz. Okerrena, baina, kaleko panorama da. Euskararik ez, erdaldunduta dauzkagu tabernetako terrazak. Eta aizue, errumaniarrik ez inguruan. Bertakoak, erdara peto-petoan. Batzuek konbikzio politikoz ikasi nahi ez, eta beste askok konbikzio politiko (ez-)kontzienteaz hitz egin nahi ez.
Zelako panorama, non eta Goierri bihotzean.