Historian aurretik egon izan dira momentu berezirik. Orain dela 12.000 urte, neolitikoan gertatu zen. Aurretik, milaka urtetan, gizakia ehiztaria izan zen, naturak ematen zionarekin bizi zen. Neolitikoan aldiz, lurra eta animaliak kudeatzeko gaitasuna garatu zuen. Ondorioz, naturatik janari eta baliabide gehiago eskuratzeko ahalmena lortu zuen. Naturan zuen eragina ere handitu egin zuen.
Petrolioa egiptiarrek erabiltzen zuten arren, joan zen gizaldiaren hasieran, industria aroarekin bat, kontsumoa handitu zen. Urte gutxitan, aldiz, dauden eta daudela estimatzen diren erreserben erdiak kontsumitu ditugu. Horretaz gain, naturari gehiago eskatu eta gehiago eragiten diogu.
Munduko Barne Produktu Gordina (BPG) petrolioaren ekoizpenarekin loturik dagoela esaten da. Honek badu bere zentzua, azken finean, lur azpian metatuta zegoen energia beltzaren ondorioz baliabide gehiago lortzeko gaitasuna handitu dugu.
Beraz, BPG handitzeak, naturari gehiago eskatzea esan nahi du, natura eta gizakiaren arteko harremanean tentsioa handitzea. Ikuspegi historiko hau edukita, nire ustez naturarekin dugun harremana modu orekatuago batean antolatzeko eredu berriak aurkitu eta garatu beharra dugu.