Hala ere, zaleen joan-etorri horien guztien artean bada arreta berezia merezi duen istorio bat: Aretxabaletako, Arrasateko, Antzuolako eta Bergarako hainbat lagunek Extremadura hautatu dute –Higuera de la Serena eta inguruko herriak, zehazki–, Andaluziarako bidean kanpaleku nagusi bihurtzeko.
Erabaki horren zergatia ulertzeko ezinbestean egin behar dugu atzera 50eko eta 70eko hamarkadetara. Garai hartan, ez ziren gutxi izan Extremadura atzean utzi eta Euskal Herrira etorkizun hobe baten bila etorri zirenak. Askok Debagoienean errotu eta bertako industria zein kooperatibetan aurkitu zuten bizibidea. Bizimodu berri bat eraiki zuten arren, ez zuten inoiz jatorriko lurrekiko eta etxeekiko lotura eten. Orain, belaunaldi berriek, haien seme-alabek eta lagunek, ate horiek ireki dituzte berriro, iraganeko herrixka haiek finalerako abiapuntu paregabe bihurtuz.
Kirol-hitzordutik harago, askorentzat bidaiak kutsu emozional eta sinboliko handia hartu du. Udan Higuera de la Serena eta inguruetara joateko ohitura dutenek, oraingoan, udaberriko argipean ikusiko dituzte bazterrok; lehen aldiz doazenek, berriz, lur berriak deskubritzeko aukera izango dute. Asteburu osoko egonaldia izango da, eta, aurreikuspenen arabera, Gipuzkoatik joandako 200 lagun inguru elkartuko dira ostiraletik igandera Extremadurako txoko haietan.
Berriz ere, bidaia horrek ezin hobeto erakutsi du kirolak komunitatea ehuntzeko duen ahalmen itzela. Hasiera batean zoro samarra zirudien ideiak indarra hartu du pausoz pauso: Whatsapp talde bat sortu, jendea animatu eta, azkenean, lau autobus antolatu dituzte Extremaduratik Sevillara elkarrekin joateko. Futbola, argi geratu den moduan, ez da soropilera mugatzen; harremanak estutzeko eta gizartea kohesionatzeko tresna ere bada. Zelaian edozer gertatzen dela ere, komunitate ibiltari horrek badaki benetako garaipena aspaldi lortu zutela: bidean bertan, eta elkarrekin.