25 eta 30 urte arteko debagoiendarren kasuan, zerrenda hori helburu bakarrera mugatzen da: emantzipatzea. Errealitatea, ordea, krudela da; izan ere, Aretxabaletan, Arrasaten edo Oñatin etxebizitza bat eskuratzeko gogoa Udalatxetik jaisten den behe-lainoa baino azkarrago izozten da.
Paradoxa gordina bizi dugu. Ahoa betetzen zaigu industria-oasi bat garela edo kooperatibismoak aberastasuna banatzen duela esatean; harro gaude Mondragon Unibertsitateak mundu osoko talentua erakartzen duelako, edota kalitatezko enplegua eskaintzen dugulako. Baina zertarako balio du kontratu duin batek, soldata pisu zaharren alokairuan odolusten bada?
Lan egiteko oparoa, baina bizitzeko pribilegio bihurtu den bailara marrazten ari gara. Alderdiek, kolore batekoek zein bestekoek, etxebizitza lehentasuna dela esango dizute. Baina errealitatea tematia da: hitz politak ez dira zementu, eta gazteon ametsak, sustraiak botatzeko lurrik gabe, zimeltzen ari dira.