Ondo edo gaizki egon, Instagram, esaterako, horretarako dago pentsatuta: argitaratzeko, eztabaidatzeko, iritzia emateko, sortzeko, eta partekatzeko. Sare sozialak halako merkatu digital bat bihurtu diren arte, algoritmo ulertezinez josia. Orain, toki guztietan dago publizitatea, eta, itxuraz, ikusten ez dugun tokian ere bai. Izan ere, influencer-ak eta markak dira gehien argitaratzen dutenak, eta belaunaldi gazteenen Instagram profiletan 0 ageri da, igotako argazkirik gabe.
Hausnarketa hau influencer-ei ere helarazten diet, haietako asko apalak, gertukoak eta hurbilekoak izaten hasi baitziren. Pixkanaka, eta kasu askotan, jende gutxiren eskura dauden zerbitzu eta produktuak izatera pasa diren arte: "Zure lagunekin Balira joateko fasea ez saltatzea gomendatzen dizut". Ba hori.
Azkenean, errealitatea da batzuetan lotsa ematen digula InstaStory bat partekatzeak. Edo birritan pentsatzen dugula igo baino lehen. Guztion artean adostutako isiltasun bat hausten ariko bagina bezala da, "argitaratu beharko litzatekeenaren" narratiba apurtuko balitz bezala. Bizitza pribatua gailendu da; lagun zirkulu txikia, bizitza pribatua eta burua lasai.
Egungo garai hauetan Tuenti plataforma datorkit burura. A zer-nolako garaiak haiek. Zentzurik gabeko argazkiak, gaueko ordu txikietan eta kani itxurarekin igotzen genituen argazkiak. Bost, hamar. Lagunari boteprontoan etortzen zitzaizun lehenengo astakeria idatzi eta aurrera. Hamabost urte geroago, filtrorik gabeko argazki haiek guztiak desagertu egin dira, eta orain influencer-ak eta markak dira protagonista. Besteok ikusleak baino ez gara.