Planak askotarikoak, eta, normalean, etxetik urrun, kanpoan dagoen horrek Instagramen inpaktu gehiago izango balu bezala. Gaurko gazteen artean, Benidorm, Mallorca eta Salou jomuga. Atzoko gazteen artean, bakea bere zentzu zabalean eskaintzen dituzten planak gustukoenak.
Nire kasuan, azken urteetan nire lehentasunak nola aldatu diren sumatu dut. Lehen, oporrak kontrolik ezaren sinonimo ziren: lagunak, festa eta taberna ilunetan beti builaka. Urte batzuen buruan, aldiz, zeharo aldatu da panorama. Nerabezaroko zalapartatik, heldu gazte baten barealdira. Leku bat edo beste aukeratzerakoan, nire entrenamendu-errutinari nolabait eusteko aukera ematen didaten tokiak lehenesten ditut. Egunsentian bidezidor berrietan korrika egiteak energiaz betetzen nau.
Egiari zor, opor eredu horren aldeko hautuak belaunaldi aldaketa bat islatzen du. Topikoak erabiltzen dituztenek uda "deskonektatzeko" dela esango dizute. Beste batzuek, ordea, esango dizugu egiten duzuna egiten duzula... ederto ibili oporretan!