Herri txiki baten sortu nintzen

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Zumalde 2025ko ots. 28a, 00:00

Aspalditxoan, gure herrietan fenomeno bitxi bat gertatzen ari da, bizitzeko dugun moduarekin erabateko zerikusia duena.

Egunerokotasuneko atzaparretik ihes egitea lortzen dugunean, larunbatetan eta igandeetan, hustu egiten dira gure herri eta kaleak. Aretxabaletan, eta suposatzen dut beste herri batzuetan berdintsu izango dela, deigarria da oso egubakoitzetan kalean ibiltzen den jendetza eta, ordea, ze jende gutxi dabilen larunbatetan eta igandeetan. Salbuespenak salbuespen, zeharo aldatzen da panorama egun batetik bestera, eta kontsumo infiniturantz bultzatzen gaituen gizarte honetan mesedegarria izaten da burua altxatu eta gure denbora zertan eta zertarako baliatzen dugun ikustea.

Zenbat eta plan potoloagoa, orduan eta zoriontsuagoa da jendea, bat-bateko dopamina artifizialaren ondorioz. Egiten ditugun planak ugariak eta ezberdinak izaten dira, eta, normalean, guztiek dute amankomunean ezaugarri bera: herritik kanpo izaten direla. Zorionez, ez da gizarte guztiaren isla, baina bai zati handi batena. Txikitasunean zoriontsu bizi daitekeela egiaztatuta dagoen arren, aste amaiera iritsi eta gure bizitza bizkortu egiten da. Herritik irten eta han-hemenka ibiltzen gara, noraezean, entretenituko gaituen zerbaiten bila. Konprenitu dezaket, neurri batean, egokia izan daitekeela noizean behin arnas pixka bat hartzea eta asteburu alternatibo bat egitea, baina, konturatu garenerako, normalizatu egin dugu.

Ildo horretan, eredugarria iruditu zait joan den larunbatean Aramaixo Bizirik taldeak aurrera eramandako eguna. Herriaren eta mendien defentsan lelopean, egun osoko egitaraua prestatu zuten, jende guztia hirietara eta ekitaldi handietara doan honetan, Aramaioko larreetan aske bizi nahi dutela argi esanez. Ekitaldi aldarrikatzaile horrekin, aitzindari bihurtu dira aramaioarrak herri guztiak pairatzen ari diren problematikaren aurrean, bildu, antolatu eta herrietako bizitza duinen aldeko aldarria egin dutelako. Bakoitzari berea, eta, kasu honetan, aramaioarrek erakutsi dute badagoela non bizi kaosaren eta etengabeko kontsumora bultzatzen zaituzten hirien aurrean. Biba zuek!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak