Denok jakingo duzuen moduan, Euskal Herriko Unibertsitateak aldi baterako kontratatutako irakasle batek onartu ezin diren iruzkin homofobo eta matxistak idatzi zituen sare sozialetan, eta horrek, normala den moduan, sutan jarri zituen fakultate horretako ikasleak.
Esan gabe doa nire asmoa ez dela kronologikoki pasatu den guztia azaltzea, baizik eta gertakari horretan parte hartu duten eragileek nola jokatu duten aztertzea. Unibertsitateak neurririk hartzen ez zuela ikusita, irailaren 30ean elkarretaratze masiboa egin zuten fakultate horretako ikasleek, maisua kaleratzea eskatzeko. Ondoren etorri den EHUren erantzuna ikusita, deigarria iruditu zait maila berean kokatu dituztela ikasleen protestak eta irakaslearen iruzkinak. Sinestezina erabat.
Unibertsitateak gertakari larri horren aurrean hartu duen posizioak atsekabea sorrarazi dit. EHUko Berdintasun Planak zer dio? Nola da posible emakumeen aurkako komentario onartezinak botatzen dituen irakasle batek EHUn lanpostu bat eskuratzea? Euskal herritarrok harro egon gintezkeen unibertsitate bat nahi genuen, ez hau.