Hauteskunde berri on!

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Zumalde 2024ko urt. 19a, 00:00

Argi dut euskal politika gertutik jarraitzen duten kazetari eta analista politikoek elkarri "urte berri on" esan beharrean "hauteskunde berri on" esan diotela.

Hauteskunde urte bat utzi dugu atzean eta hauteskundeak egongo diren beste urte bati eman diogu hasiera. Euskal herritarrontzako gertuagoak izango dira 2024koak; izan ere, Legebiltzarrerako hauteskundeetatik lehendakari berria irtengo da. Hamabi urte iraun duen etapa itxiko du Iñigo Urkulluk, eta garai berriei emango die paso. Badirudi Aste Santuko oporraldien ondoren egingo direla, apiril hasieran. Lau hilabete falta diren arren, mugimenduak hasi dira, eta Hego Euskal Herrian babes handien duten alderdiek aurkeztu dituzte hautagaiak. Guztiek dute amankomunean ezaugarri bat: belaunaldi-erreleboa errealitatea dela.

Aukerak dituzten hiru hautagaiek 50 urte baino gutxiago dituzte: gazteena EH Bilduko Pello Otxandiano da, 41 urterekin; jeltzaleen Imanol Pradalesek 48; eta euskal sozialisten hautagaiak, Eneko Anduezak, 44 ditu. Alderdi Popularreko hautagai Javier de Andresek 50 urteko langa gainditzen du, baina ez da lehendakari izango. Gaur-gaurkoz, Elkarrekin Podemosek oraindik ez du aditzera eman zein izango den bere hautagaia.

Euskal hauteskundeen berritasun nagusia hori da, belaunaldi aldaketa izan dela alderdi nagusi guztietan. Azken urteetan Hego Euskal Herrian izan diren aldaketa sozialei aurre egiteko guztiek ikusi dute egoki aurpegi berriak eskaintzea, eta mezua berritzea. Lehia estua espero da EAJren eta EH Bilduren artean; jeltzaleek iazko hauteskundeetan jasan zituzten zigorretatik oraindik altxatzen ari diren bitartean egingo diete aurre hauteskundeei, eta EH Bilduk bere burua gai ikusten du azken berrogei urteetako hegemonia zalantzan jartzeko.

Bien artekoa estu joango da, eta lehia horretan sartuko dira jokoan sozialistak. Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezen indarrarekin hauspotuta, Eneko Anduezak EAJrekin osatu nahiko du, berriz ere, Gobernua, baina azken emaitzek, agian, beste gauza batera eraman dezakete agintari eibartarra. Denborak, poligrafo bakarrak, esango digu zein izango den apirilean historiako seigarren lehendakaria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak