Tamalez, haur nintzeneko garaietan geratu zen Olentzero. Orain, badakit zein den egia. Ilusioa diruz erosi ezin zitekeela uste nuen arren, hura, diruz erosten zen eta diruz erosten da.
Gaur, sinistu nahirik nabil zirrara hura itzul daitekeela, Olentzero oraindik hor dagoela. Hor zaude, ezta?
Aspaldian ez dizut idatzi. Ziplo erori nintzen lurrera, eta hor ibili naiz, arrastaka, magia arrastoak bilatu nahirik nazkagarri bihurtzen ari den mundu honetan. Ba al dakizu hemen behean jada zoriontsu izatea ahantzi dugula? Guztiek egiten dute irribarre, bai, baina mozorro bat besterik ez da, ezarrita dagoen bidea jarraitzea soilik dugu xede.
Zugan sinesteari utzi diote, zuk eta zure astoek izar ederrenetik jaisten zenuten dirdira eta ilusioan sinesteari utzi diote. Guztia diruaren arabera mugitzen da, gu garen txotxongiloen harien antzera. Jada, ez zara Olentzero orain Negozio deitzen omen dizute.
Baina lasai, ni bezalako arima tentelak badira oraindik, zoriontsu izateko sortzen zenuen estasi egoera horretara itzultzeko beharra duen horietakoa. Egin nazazu berriz haur, eta asko eskatzerik ez bada, eraman ezazu urrun diru madarikatua, berekoikeria eta hipokresia; edo eraman nazazu ni, zure fantasiazko mundura, ene hariak askatuz eta txotxongilo izateari utziz.
Deitu iezaiozue umekeria, nostalgia, zorakeria, eskizofrenia, baina gaur bizia emango nuke zugan sinesteagatik.