Garai batean, maite nituen ikasturte hasierak, koadernoak berreskuratu edota berriak erosi, ikastolara eramango nuen makutoa aukeratu, agenda eta bestelako ilusioetarako prestatzea. Desiratzen egoten nintzen ikasturteko horretan irakurgai izango nituen liburuak zeintzuk izango ziren etxean kontatzeko, udaran nire ikaskideak zenbat aldatu ziren ikusteko, eskola orduetan zeinen ondoan tokatuko zitzaidan jakiteko. Atzeko kaleko jaietan aspaldi ikusi gabekoekin egon zein jaietako mozorroa prestatzeko. Goxoa izan ohi zen iraila. Errutinak berreskuratu, batzuk alboratu eta berriak bilatzeko.
Denborarekin edota bat-batean betiko zirudiena, baina, itxuraldatu egiten dela ohartzen da bat. Halako batean, bakoitzak bere lanak eta proiektuak irakiten ditu, liburu ezberdinak irakurri, jende berria ezagutu, ekimen ezberdinetan aritu, bidaiatu. Aurpegiak eta gorputzak aldatzen zaizkigu, gure bizitzako garairik txundigarrienetan ezagutu genituenak ezberdin ikusten ditugu eta, pentsa, adin bereko lehenengo lagunei ere agur esaten hasten gara. Maite genuen inguru dena aldatzen hasten da.
Egun batez, herriko jaietarako oinetako erosoago batzuk aukeratzen dituzu, egitarauan bestelako ordutegi batzuetako ekintzak begiratu, eta batzuek nahiago izaten dute irailean herritik ere alde egin, betikotasuna apurtu. Txosnetan topo egiten zenuen jendea barraketan agurtzen duzu, eta beste batzuekin badakizu ez duzula betarik izango trikitx egiteko, ordutegiak tarteko.
Konturatzen zara betiko maite zenuela uste zenuen hori ere aldatu egiten dela, eta ez dela ezer pasatzen ere. Erretiroa hartu berri duen emakumea bezala, bizitza guztia lanean pasatu eta gero, astelehenetik ostiralera ordutegi beretan kalean gora eta kalean behera ibiltze hori pausatu zaion bezala.