Besotik helduta

Erabiltzailearen aurpegia Malen Ugarte Irizar 2026ko ekainaren 23a

Ahizpak ez zuen ezagutzen deskribatzen ari nintzaion argazkia. 

Aitak Oñatiko neskameen inguruko lana osatzeko garaian pasatutako antzinako argazkien artean zegoela aipatu nion. Argazkietan Madalenako jaiak, herriko argazki zaharrak eta, tartean, ttap, aitaita eta amama, irribarretsu, guk inoiz ezagutu ezin ahalako gorputz gazteetan harrapatuta.

Gizon taldeen argazkiak ohikoagoak edo, bada argazki bat non amama neska kuadrilla handi batean ageri den, guapa-guapa, beste emakume bati gainetik besoa gurutzatzen diolarik. Kuriosoa da nola kontatu edota ikusi arte ez ditugun gure adinekoak bestela imajinatu. 

Argazkian ez da nabaritzen gerora atzemango zen neke ez kezkarik. Gorputzak lasai daude zuri-beltzeko soineko eta ile orraztuetan. Batek jakin nortzuk diren argazkiko emakumeak, argazkia igande batez edo jaietan ateratakoa den, zenbat urte izango zenituzten, zenbat alditan elkartuko ote zineten berriz.

Adiskidetasunari diodan aprezioagatik edo, horregatik uste dut gelditzen naizela horrenbeste denbora argazki honi begira. Ez amama bakarrik ikusten dudalako, baizik eta emakume haien arteko lotura ere sumatzen dudalako. Bada irudi horretan zerbait berezia, goxotasuna, lagunartea, konplizitatea, egin nahia, indarra.

Batzuetan, begira egongo balira bezala da, mezuren bat esan nahiko balidate bezala; horregatik daukat armairua zabaldu eta egunero begi-bistan. Maite ditudanak zaintzeko gonbita egingo balidate bezala da. Jaiok dioen moduan, bizitzan konturatzen baitzara batzuetan jende askok begiratzen zaituela baina ez zaituela ikusten, eta badagoela benetan ikusten zaituen jendea, zure itxura ikusteaz gain, zure barne territorioa ezagutu eta zaintzeaz arduratzen dena. Gutxi izanagatik ere, nahikoa dela horrelakoak existitzea. Ikusia izateko, eta, noizean behin, baita besteren bati besotik heltzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak