Zinera

Erabiltzailearen aurpegia Malen Ugarte Irizar 2026ko martxoaren 10a

Hotza eta euria kanpoan.

Etxera bustita heldu berri, haurrak zarataka, eta irratia pizterakoan futbol partidu bat gerra mehatxuen artean. Mugikorra jo eta jo, isilik uzten dut. “Nor da?”, galdetzen dut ozenki, telefonoa botatzeko keinua eginez. Umeak oheratu ostean erantzungo dut.

Zinera joateko noiz elkartuko garen galdetzen dit. Buruak boom egiten dit. Zenbat dira umeak izan ditudanetik zinema-aretoan galdu ditudan pelikulak? Kilometroek banatzen gaituzte, agian aurrerago etxean ikus dezakegula esaten diot. Ez dit erantzuten. 

Eta hara non, hurrengo egunean ezustean topatutako idatzia, bizitzari heltzeko motiboei buruzkoa. Motiboen artean idazleak hauexek aipatzen zituen: ostiral arratsaldeak, oporretako lehen egunak, berri onak kontatzea, 30 urtetik aurrera lagun berriak egitea, barre algarak, minbizi onak, etxetik oso urrun zaudela norbait zure ama hizkuntzan hitz egiten entzutea, gaiztoek galtzea, borrokarako arrazoi bat izatea, lehen musuak, itsasoa, urteko lehen eguneko ilusioa. 

Nola osatuko nuke neronen zerrenda? Seguruenik, maite ditudanen izenen zerrendatik hasiko nintzateke: etxeko txikiak, familia kideak, lagunak. Eta zerrendara oroitzapen batzuk ere gehituko nituzke: aitaita baserri kanpoan irribarrez itxaroten, amamaren eskuak, gurasoak ohean barrez entzutea, nire seme-alaben lehen begiradak, haurtzaro zoriontsua, udak Pirinioetan, jaiak kuadrillakoekin, nerabezaro eder eta betea, kotxea lehenengoz bakarrik hartzea, unibertsitate garaia, eta, idazleak zioen legez, nagusitasuna mundua aldatuko duzuna izango zarela sinetsita betetzea, eta ez alderantziz.

Zartagina martxan eta janari usaina soinean, eskuak garbitu eta mugikorra esku bustiekin hartu dut eta lagunari baiezkoa eman. Oraindik, eta nagoen zurrunbiloan egonda, zerrendara gehitzeko motiboetako bat ere baita lagunak zurekin zerbait egiteko gogoa izatea, lagunen mezuak jasotzen jarraitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak