Zer egin denbora falta sumatzean. Denbora –ondo– antolatzea, probetxagarri nola egin pentsatzea. Denbora banatzea. Denbora antolatu behar izatea. Eginbeharren akuilua. Denbora aprobetxatu ahal izateko paperetan asteak eta hilabeteak eskuz marraztu eta orduak tauletan zirriborratzea. Une gozagarrientzat tarteak bilatu nahi izatea. Egunerokoa gozagarri egiten saiatzea. Kargak banatzea. Kargak banatzen ahalegintzea. Jatekoak, garbitzekoak zaintza lanak, aisialdi planak... Burua frijitzerainokoak.
Eta orduan sareetan zeure burua galduta ikustea. Mugikorra ireki eta bat-batean orduak pasatu direla konturatzea, zureak ez diren bizitzak ikusten, ez dakizun zerbait bilatu nahiko bazenu bezala. Eta bitartean denbora besterik gabe pasatzea. Bizitza, benetakoa, ez daukana aparteko musikarik ez filtrorik. Patxada, arreta eta benekotasuna lapurtzen dabiltzan sentsazioa izatea. Amorratzea.
Halere, komunean eserita zauden bitartea mezuak erantzuteko aprobetxatzen jarraitzea. Haurreskolarako txikiaren argazkiak mugikorreko album ziztrin baten sailkatzea. Inprimatzera bidaltzea. Denbora aprobetxatzea. Pasieran, igeri egiten edota deskantsu momentuetan gauza garrantzitsuez gogoratu eta egitekoak zerrendatzea. Emailak erantzun, mediku txandak egutegian errepasatu. Lagunen ahots mezuak –beste zerbait egiten duzun bitartean– entzutea. XXI. mendeko laguntasun hariari eustea. Beste aste batez telefono dei batzuk egin gabe dituzula gogoratzea.
Umeak eskolan dauden bitartea, besteak beste, idazteko aprobetxatzea. Denbora hori kirola egiteko ere erabili beharko zenukeela pentsatzea. Besterik gabe, egoteko. Zer ote, besterik gabe, egotea? Domekero bezala, sofan koadernoa hartu eta norberarentzat baino gehiago, norbera eta ingurukoak zerbait hobeto bizitzeko pentsatzen jarraitzea.