Semeak bere lehen eskola urtea bukatzeko bi aste falta dituen honetan, hor nabil berari begira-begira, eskolako sartu-irtenak nola egiten dituen; finean, nola hazten ari den liluraz begiratzen. Beste etapatxo baten bukaera.
Etapatxoen bukaerak. Errutinaren bueltan egiten ditugunak, egunerokoan astunak egiten zaizkigunak eta, oharkabean, abisatu gabe, egun batetik bestera atzean gelditzen direnak. Amonarenera azkenengoz joaten gareneko unea edota zure ikaskide izan zirenekin pasatako azken eskola eguna bezalaxe. Gurasoen etxetik alde egin aurreko azken loa bezalaxe. Zenbat halako.
Sarri pentsatzen dut sorbalden gainean eramateko garaia segituan pasatuko zaigula, besoetan eramateko eskatzen didazuna ere bai, baita haragia txiki-txiki eginda ematekoa ere, bainatzeko eta hortzak elkarrekin garbitzekoa. Ipuinak behin eta berriz jarraian irakurtzekoa. Etapak, bizitza bera: abiadura handiko trena. Bestelako tempoak.
Orain oso gutxi, lanera joateko oso goiz jaikitzen nintzen, ezin iritsita, presaka, momentu txiki pilo bati ezin helduta, momentu txiki pilo bati beste betaurreko batzuekin begira. Egun, sentsazioa dut denbora beste era batera neurtzen hasia naizela, asteetan, hilabeteetan, eta, zergatik ez, aurretik aipatutako maitasun keinuetan, denbora ez baitator bueltan, denborak ereindakoa baitakar bueltan.
Nire amak dio, orain, bere eguneroko zalaparta apaldu denean, gustuko duela goiz-goiz esnatu eta eskuetan kafe kikara duela etxetik zehar ibiltzea, pentsamenduetan barna. Baietz ni ere egunen batean, uste baino lehenago, antzera ibili, pentsatzen dut nire baitan. Bitartean, egunerokoari zurrut.