Orain dela gutxi El 47 pelikulagatik Goya saria jaso duen aktoreak nahiko zintzo eta franko hitz egin zuela iruditu zitzaidan, gustura ikusi nuen elkarrizketa. Haren bizitzako gorabeheren artean, familia, gurasoak, ikasketa zailtasunak eta lana izan zituen hizpide. Besteak beste, alkohola zein droga gehiegi kontsumitu izana ere aipatu zituen Fernandezek. Harrezkero terapian dabil, eta, batik bat, esan zuen honek eman zidan atentzioa gehien: famatu izateak zer-nolako karga ekarri zion urteetan, eta nola "bat gehiago" zela sinetsi eta barneratu zuenean zer-nolako bakea, arindua eta lasaitua hartu zuen. Bat gehiago izatea, besterik ez. Presio eta autoexijentzia barik; famatu edota kargudun izatearen ondorioa edo.
Kasualitatez, handik gutxira, zinema-zuzendari bati egindako elkarrizketa bat izan nuen esku artean, eta zera zioen hark: asko interesatzen zitzaiola bizitza honetan gehiago eta denetarik duten pertsonak beren burua besteena baino hobetzat dutenen istorioak kontatzea. Eman zidan zer pentsatua horrek ere, uste baitut asko dugula honetatik gure inguruan.
Gaia hezkuntzara ekarrita, zeinen garrantzitsua ikasleak ere "bat gehiago" izango balira bezala heztea; bakoitza bere gaitasun eta ezgaitasunekin, baina gizarte honetako kide bat gehiago gisa. Eskolan ez ezik, beste hainbat tokitan kontuan hartzekoa. Izan ere, egia da familiak, eskolak, herriak eta inguruak izugarri baldintzatzen gaituztela zein eta nolakoa izan. Askotan, gure inguruan estigma bat hartzeraino ere bai, geure burua apur bat engainatzeraino; izan ginen zerbait edota, akaso, inoiz izango ez garen zerbait sinesteraino.
Ez al diozue, bada, inoiz zeuen buruari galdetu: zergatik niri? Eta zergatik ez?