Udako beroak joan eta armairu aldaketa egite sasoian, udazken gozo bezperetan, jaiak eta buruhandiak erretiratze sasoian.
Zu etortzearekin batera etorri dira sosegua eta abiadura pausatu beharra.
Gorputza gelditu eta burua abiadan, baina.
Eginbeharrak eta egin ezinak.
Deskantsuan nagoen ustez, azelerazioa.
Berriz ere maitemindu berri den ama orientazio bila. Lanean jarraitzeko deiak, buruari hautsa kendu beharra. Bularraren lotura eta dependentziaren itzulera. Denboraren presentzia.
Etxeko lau pareten errepasoa, etxeko gela guztien errepasoa. Apalen berrantolatzea eta garbiketak, egunerokoa sinplifikatu eta kalitatezko denboraren nahia. Azkeneko urteetan galdutako filmak apuntatzea, liburutegia hustu eta mugikorreko argazkien deskarga. Oroimenean azkura.
Txikitatik eta gaurdaino eguneroko eta idatzien galbahea. Memoria oraindik bizi dudalarik pentsamendua antolatu, begiz eta belarriz entzundakoak eskuz papereratzeko gogoa. Oroimena ureztatzea.
Eta, ezustean, Natalia Ginzburgen Bertute txikiak eta Zapata urratuak eta bihotzak krak egitea. Geldiunea. Berrirakurketa. Zu goxoago estutzea. Nire eta ingurukoen bertute handien eta txikien berrirakurketa. Nola hazi gintuzten? Zer dela-eta han eta hemengo nire aukeraketak? Haurtzarora eta nerabezarora itzulerak. Lagunen premia eta hormonen gorabeherak.
Esan ohi da bihotza lekuz aldatzen denean, beti izaten duela kolore eta indar berezi bat. Indar berezi bat atzean utzitako bizitzaren inpultsoak emandakoa.
Hala bedi.