Kalean gosaldu eta alde zaharrerantz abiatu gara txikiarentzako liburu bila. Zuzenean goaz irailean egon ginen bigarren eskuko denda berera.
Bikotekideak ondo oroitzen du liburuen antolamendua. Nik ondo oroitzen dut kokapena zein liburuzaina bera, baita orduan berak kontatutakoak. Berak ez gaitu ezagutu. Irakurtzen ari den liburutik begirada altxatu gabe agurtu gaitu. Bagoaz umeentzako istorioen apalerantz. Gure txikia lurrean eseri eta ipuinak poliki bere kasa irakurtzen hasi denean, urrunetik dendaria begira sumatu dut. Aurpegia nola samurtu zaion nabaritu dut eguneroko nekea esku baten eusten duen bitartean. Udazkenean bezalaxe, goxo eta eskerrak emanez agurtu gaitu, katalan hutsean, oraingoan hitz egiten asko luzatu ez den arren.
Jarraian, besteak beste, Kataluniako txorimalo eta erraldoiak salgai dituzten dendara sartu gara. Dendariak txikia ikusitakoan, berarengana hurbildu eta hitz egiten hasi zaio hango eta hemengo erraldoiei buruz, katalan hutsean hau ere. Tartean, dendan esekita duen Tarla panpina erraldoia birarazi du; kondaira azaldu eta gu liluratuta utzi gaitu.
Gure txikiak ez ditu dendariak oroituko, ipuinak behin eta berriz irakurriko ditu udan, protagonisten izenak buruz ikasi eta denbora batez apalategiko liburu gustukoenak izango dira. Emakumeak, akaso, etxera bidean hartzen duen eguneroko trenean ikusitako eszena gogoratuko du. Gizonezkoak auskalo zenbat aldiz biraraziko duen panpina udako oporraldi hauetan, pentsatu dut nik.
Kuriosoa memoria eta honek bakoitzarengan uzten duen arrastoa. Akordatzeko inkontzienteki egiten direnak eta bakoitzari buruan gelditzen zaizkionak. Hurrengoan hiriburura hurbiltzean inguratuko gara berriz ere lekuotara.