Esanak

Erabiltzailearen aurpegia Malen Ugarte Irizar 2023ko urt. 14a, 00:00

Zenbat denbora dauka? Zeinen txikia den! Lasai, txikiak berehala hazten dira eta! Ikusiko duzu, konturatu orduko berehala handituko da. 

Horrela hobeto, erditzerako... kita, kita! Nire ezagun batzuk txikiago jaio ziren eta begira zeinen handi dauden! Hobe zazpikiak zortzikiak baino; ez zeneukan entzunda? Gogorrenak omen dira txiki datozenak.

Bularra ematen diozu, ezta? Ea, utzi ikusten nola hartzen duen. Biberoia, baina, zure esnearekin, ezta? Agian, ez daukazu nahikoa esne edota zure esnea ez da ona. Gose bada, eman biberoia beldur barik. Bai ala bai, saiatu bularra ematen, ez etsi.

Beti lo dago... irekitzen al ditu begiak? Gose da, baina utzidazu apur bat besoetan izaten. Aitaren berdin-berdina da. Zure ahoa dauka, zure begirada. Beti besoetan izanez gero, gaizki ohituko da. Zenbat eta denbora gehiago zuen berotan pasa, askoz hobeto; autonomia garatuko du.

Ez duzuela egunero bainatzen? Guk gure garaian horrela egiten genuen... horrela erakusten ziguten... Zelan haizeekin? Eskuak hotz-hotzak ditu; ai... papar hori, hoztu egingo zaizue, ondo tapatu, gero, umea! Zelan loa? Deskantsatzen duzue? Ez zarete beldur umea lotan dagoela zapaltzeko? Oraindik ez daukala gela propiorik? Lasai, guk ez genuen sehaska erabili ere egin. 

Esperientzia gogorra, ezta? Bikotekideak ondo laguntzen dizu? Kapaz izan da lana albo batera uzteko? Esaten omen dute lehenengo egunetan ohikoa omen dela depresio puntu bat izatea... Ziur ondo zaudela? Zu zeu ere zaindu zaitez.

Noiz arte egongo zara bajan? Horrenbeste? Eta gero, eszedentzia? Lanera? Nola baina? Nork zainduko du ondoren? Zenbat denborako baimena daukazue? Zelako luxua biok umearentzat denbora izatea. Zuek bai oporrak! Haserretu ere egingo zarete, ezta? Dena kontatu behar da. Aprobetxatu orain, ondoren oinez hasten dira eta orduan bai nekea. Dagoeneko hazi duzue; noizko bigarrena?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak