Barne mapak

Erabiltzailearen aurpegia Malen Ugarte Irizar 2022ko urr. 22a, 00:00

Orain gutxi oso gustura entzun nuen podcast bateko tertulia honela hasten zen, gutxi gorabehera:

"Badira toki jakin batzuk norberarentzat bereziak direnak, aparteko ezer ez izanagatik ere. Badira leku eta izkina jakin batzuk, besteentzat beste leku bat gehiago izanagatik, norberarentzat esangura berezia dutenak. Esaterako, bidaia luze batetik bueltan etxera iristear zaudela jakinarazten dizun izkina, kotxean zoazeneko azkeneko kurba, mendi magalak etxean zaudela jakinarazten dizun ikuspegia. Baita alderantziz ere, opor-lekura iristear zaudela jakinarazten dizun zubia. Zaila da beste bati leku honetan sentitzen duzuna sentiaraztea. Besteentzat beste izkina bat gehiago da; zuk, ordea, zurea sentitzen duzu leku hori. Lotura bat duzu izkina horrekin. Izkina edo leku hori besteen Instagrameko story-etan ikustean, edota egunkarietan, argazkietan, zure izkinan daudela sentitu dezakezu, zure tokian. Badira izkina eta lekuak pertsonekin lotzen dituzunak. Bizitzako momentu jakin batzuk gogorarazten dizkizutenak; unibertsitate garaian hirian eman zenitueneko musu tokiak, esaterako".

Aurten, urte batzuen ondoren, gure familia txikia betiko opor-lekura itzuli da. Plan berak egin ditugu, betiko pasierak, jatetxeak errepikatu; hondartzan esertzen ginen leku berean eseri. Eta etxera itzultzean, konturatu naiz nire etxe propioan ere izkina batzuk errepikatzen dihardudala, hain justu, errekaduak apuntatzeko arbela ate ostean ipini dudanean. 

Bikotekideari "zuek baino ohitura errepikatzaileagorik" atera zaio, irribarrea ezpainetan eta lotsagorriturik. Begiradarekin erantzun diot pentsatuz ez al den bera ere konturatzen zenbat aldiz itzultzen den eta eramaten nauen bere izkinetara. 

Denok dauzkagu barne mapak. Eta zer esango dizuet, bada, bidezidor batzuetara itzultzea… zerbaitegatik izango da ona.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak