Postaletan

Erabiltzailearen aurpegia Malen Ugarte Irizar 2022ko uzt. 23a, 00:00

Lerro hauek txikitako ikaskide batek udaran postalak bidaltzen zizkidan leihotik idazten nabilela konturatu berri naiz. 

Postala, bai. Ez zitzaidan bere momentuan askorik gustatzen, zeharo koloretsua zen, gu egoten ginen leku patxadatsutik oso ezberdina. Gogoan dut ikastolan gure oporretako etxeko lanetako bat hori bera izan ohi zela, gelakideei postal bana bidaltzea. Nik idaztea gustuko nuenez, bereziki gustuko nuen ariketa, urtero leku beretik bidali arren idatziak. Polita izaten zen jakitea lagunak non egoten ziren oporretan, baita tutorea ere. Pentsa, lekuak ere kokatzen genituen mapan.

Udaran, gu kanpoan izaten ginen egunetan, gurean aitaita Pedro arduratzen zen etxeko loreak erregatzeaz, baita buzoiko paperak jasotzeaz ere. Telefonoz hitz egitean beti aipatzen zigun ahizpari eta bioi guretzat ere zerbait iritsi zela, eta sortzen zitzaigun zirraratxoa. 

Nire kintakoek ez dakit, baina nik den-denak gordeta ditut oraindik kaxa batean, garai bakoitzaren kaligrafia eta guzti. Azken urteotan garbiketa handiak egitea tokatu zaidan arren, hauek oraindik nirekin bueltaka dabiltza, apaletik apal, batek daki noiz arte.

Akordatzen naiz nola, nire autonom garatu nahian edo, Correosera bakarrik sartu eta postalak bidaltzerakoan ea Espainiarako ziren galdetu zidaneko hura ere. Nik, "ez, Gipuzkoarako" erantzun. Barre egin zidan eta ondoren etxean azaldu zidaten barrearen motiboa. Orduantxe hasi nintzen ulertzen ni beste kontutxo batzuk. Udak beste kontuen artean ere hori du, oroitzapen eta ohitura jakin batzuk gordetzeko joera. 

Eta zer den bizitza, miresmen gutxien egiten zidan postal hori begien aurrean jarri naiz edo jarri nau bat-batean bizitzak. Eta galdetzen diot nire buruari ea oraingo haur eta gazteek bidaliko dioten elkarri postalak, jakingo dituzten lagunen etxeko helbideak, emango zaien halako ohiturei aparteko goxotasunik...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak