Naroa

Erabiltzailearen aurpegia Malen Ugarte Irizar 2022ko eka. 4a, 00:00

Esnatu aurreko eguzki izpien erruz izaren artean galtzea, izarak zimurtzea; aurreko eguneko kafea berotu gura ez izatea, fruta jateko gogoa piztea, gosari eta jatorduak aldatzea. Ortozik etxeko egur gainean hankak izerditzea, zikintzea, berotzea; gauez edredoian babestu eta berau erretiratzeko gogoa izatea; lo orduak atzeratzea, aldrebestea.

Whatsappeko mezuak ugaritzea, agendak betetzea; lagunekin ordu luzez egoteko premia hori. Aldartea hobetzea; baina, egunaren buruz eta nekearen ondorioz, aldartea okertzea; astegun barruan terraza giroa dastatzea; kafea izotzarekin eskatzen hastea, egarritzea; sugandilak bezala eguzki izpiekin hanketako behatzak urratu arte ibiltzea.

Armairu aldaketa egitea, arroparekin ez asmatzea; badaezpada, txaketa goxoak mantentzea, sandaliak janztea, hotz pasatzea; orain arte gutxi bistaratu dituzun gorputz atalak bistaratzea; eguzkitako betaurrekoak garbitzea, polenaren erruz mukizapiak ondoan izan beharra.

Kotxea bero topatzea, kotxeko maleteroa zikintzea, bizikleta garbitzea; kostaldera gustura alde egitea, edota mendira; lehen izozki goxoa emeki miazkatzea; mila plan zoro eta xelebre egiteko gogoa piztea; plan sinpleenekin gehien disfrutatzea; larunbatak jendartean egoteko gogoa; igandeetan isilune eta gerizpeko loaldi goxo baten gosea; astelehenak gozoago sentitzen hastea.

Eguraldiari begira egotea, ortua ureztatzea, uzta jasotzeko desiratzen egotea. Udako ekaitzak ezustean harrapatzea; gustura bustitzea, euriaren usain hori gogoratzea. Eguzkipean lan egiten dutenen erruki izatea. Gazteari eguna motz gelditzea; nagusiari luze.

Kontzertuak, musika, liburuak, bazkariak, afariak, denbora aprobetxatzea, denbora galtzea, amets egitea, ametsak betetzea… Maiatzeko eta ekaineko giro gozoa; uda aldera naroa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak