Geldotu da denbora eta, aldi berean, bizkortu zaizkigu orduak. Egunerokotasun xume honetan, beldur naiz noizbait zure usain goxo hau ahaztuko ote dudan. Iritsi zara arrakalez betetako mundu gris honetara, bizitzeak arriskutsuegia dirudien honetara. Ordenagailu aurrean, telebistari begira bihotza eta eskuak hozten zaizkidan bitartean, kontatu nahi dizut badela bizitzea biziki maite duen jendea.
Kontatu nahi dizut iraultzan sinetsi ala ez badela jendea berau moldatzen diharduena. Ameslariarenaren atzean badela jende ero bezain ederra, askatasunak adina ezerk seduzitzen ez duena.
Kontatu nahi dizut norbera ez dela besteek berez uste dutena eta, agian, horrek salbatuko gaituela. Kontatu nahi dizut biharko egunari begira, egon, egongo direla min emango baina baita barre algarak eragingo dizutenak. Beldurtu eta, era berean, beraien bidaietara batzera gonbidatuko zaituztenak. Plazer ezberdinak erre arte zer diren erakutsiko dizutenak, plazeraz ezin baita liburuetan ikasi. Plazera bizitzean hasten baita, edo bizitza plazera hastean, agian, belarretan oinutsik emango duzun lehen pausoan.
Egunak joan, egunak etorri, batzuk joan, besteak etorri, denak jarraitzen du (ez)berdin, eta oraingoan zure izena bat gehiago da edo multzo baten parte. Eta, agian, oroituko zaituzte edo, agian, iritsiko da egun hori ahaztura izango zarena.
Batek zioen biharko egunari begira momentu batera arte gutariko asko etorkizunean bizi garela, baina derrepentean, momentu batetik aurrera, iraganean bizitzen hasten garela. Geldi, beraz, bizitza, orain da eta. Banoa zu besoetan hartzera.