Pandemiak 27 bat urterekin harrapatu gintuen, eta ez dakit ondo hogeita hamar urteko krisiagatik edo, baina badaukat sentsazioa lagun kuadrilla zeharo nahastu zaigula. Ia konturatu ere egin gabe iritsi gara 30 urteren bueltara, bakoitza bere beldur eta bizitza asmo ezberdinekin. Hori gutxi ez eta, ia guztiok herritik kanpo harrapatu gaitu bizitzak, bakoitza bere gorabeherekin. Agian, iritsiko dira sasoi hobeak, kalitate handiagoko patxada uneak, gure artean batzeak horrenbesteko ahaleginik suposatzen ez duten momentuak. Ahalegina diot, positiboki, ahalegin moduan ikusten baititut harremanak. Iritsi da momentu bat non ez dakigun zein ikerketa burutzen ari den bata, zein kezka dituen besteak, zein afiziotan dabilen gustura aspaldi ikusi ez duguna. Ezer berezirik gertatu ez dela dirudien arren, zerbait aldatu zaigu, aldatu da zerbait.
Bene-benetan, eta esatea – zein idaztea– apur bat kosta egiten zaidan arren, udazken honetan hasi nahi nuen esaten betiko lagunen falta sumatzen dudala azkenaldian. Esan eta kontatu nahi diet, zutabe hau askok irakurriko ez duten arren, nola sentitzen naizen, eta entzun nahi ditut esaten beraiek egiazki nola dauden. Hala ere, badakit urrun sentitu arren, behar dudanean zainduko –eta zaintzen– garela. Asteburu hauetako batean, antolatu beharko dugu zerbait eguzkiaren goxotan barruak epeltzeko...