Imajina dezakezue? Pentsaezina! Musika egiteko musikariak behar dira. Ofizio polita; gustuko duzunaz bizimodua ateratzea, ederra da. Aitzitik, talde batek emanaldiagatik 21.000 euro kobratu dituelako, sekulako eztabaida sortu da herrian. Baina pentsa dezagun musika talde baten gastuetan: taldearen agentearen soldata, ekipoak muntatu eta desmuntatzen dituzten langileak, garraioa, soinu eta argi teknikariak... Abesti originalak badituzte, konposatzeko eta moldaketak egiteko erabili diren orduak; eta bukatzeko, oholtza gainean dauden musikariak.
Maila handiko lau edo bost musikari izan daitezke eta, gainera, egunero, edozein langilek bezala, sei-zortzi ordu eman ditzakete lanean. Pentsa, bira egin aurretik, askotan, sei hilabete edo gehiago eman ditzakete abestiak prestatzen, kobratu gabe. Udan hasiko dira irabaziekin, eta horrekin urte osoan bizi behar. Horrenbeste diru da? Euskal Herrian, musika taldeak bizi al daitezke euren musikaz? Musikarion lanbide duin baten alde!