Eta hamahiru urte pasa dira –gezurra dirudi– Apirilean Musika proiektua martxan jarri genuenetik. Musikarekin hazi, hezi eta bizi gure lema baldin bada, goazen herriari eskolan egiten den lana, modu ezberdin baten eskaintzera. Hori izan zen gure hausnarketa. Bestalde, saiatu gaitezen herriak dituen txoko eta toki ezberdinak musikaz betetzen, Europako hainbat eta hainbat herritan egiten den bezala. Eta horrela hasi ginen: emanaldiak, tailerrak, hitzaldiak, ikuskizunak, kontzertuak, elkartrukeak...
Apirilean eskolako giroa guztiz aldatzen da. Gela guztiak entsegu aretoak bihurtuz, urduritasuna, ilusioa, gauzak ondo prestatu eta egiteko erantzukizuna, musikari ezberdinen elkarlana, ideia berrien laborategiak... Tarteka estresagarria bada ere, egun horietan bizitzen dena benetan polita da. Haurrak, gazteak zein helduak... talde instrumentalak, bakarlariak, ahotsak... guztiak musikarekin gozatu eta gozarazteko irrikatzen. Eta lan asko egin ostean, ikus-entzulearengandik jasotako txaloak eta animoak; ez dago sari hoberik! Beraz, dagoeneko, 14. ediziorako ideia berrien bila hasita gaude, hainbeste ematen digun herriari, egiten dakiguna eskaintzeko.