Malkarrak are handiagoak izaten dira ikasle garaian. Zorionez –ez nago honetaz oso ziur–, aurten utzi diot ikasle izateari. Eta ez naiz ni zorioneko bakarra: gurasoak ere zorioneko egin ditudala uste baitut. Azken lau urteetan iraila heldu baino lehen iritsi zaigu amesgaiztoa etxera. Ekainean hasi behar izan dugu hiriburura bueltak egiten, neurriz kanpoko prezio baten truke etxe-zulo ahalik eta txukunena bilatzea helburu. Uztailean egin behar izan dugu etxe-zulo delakoaren lehen ordainketa: fidantza izena daraman hori, hilabeteko kuotaren bikoitza ordaintzea exijitzen duena. Iraila iristean –orain bai– hilabeteko kuota ere ordaindu behar izan dugu, hileko lehen egunetan, noski. Eta horrela, hilero. Eguneroko gastuen aipamena ere ezinbestekoa: autobusak, unibertsitateko kontuak, asteko erosketa…
Ikasle garaia bueltatuko ez zaidala ikustea pena da; aurrerantzean gurasoek arnasa lasaiago hartuko dutela jakitea, aldiz, poza. Eta bide batez, besarkada bana seme-alaba ikasleen gurasoei.