Hori izan zen urte berriari eskatu geniona. Eta urte berriak ekarri zigun apelazio-epaiketan, Jon Anderri eta Juleni ukatutako 6 lekuko onartzea. Urtarrilaren 23ko bistan, San Fernando de Henaresko Auzitegi Nazionalean lekuko guztiek ukatu zuten Jon Ander Koxka tabernan egon zela istiluak gertatu zirenean.
Lekukoen artean, Amaiaren testigantza oso garrantzitsua izan zen. Zergatik? Berak ikusi zuelako taberna barruan geratutakoa, baina hori ez ezik, gertakariak jazo zirenean tenientearen andregaiaren (Maria Jose) laguna zelako.
Amaiak esan zuen Maria Joserekin egon zela taberna barruan gau hartan, eta ez zuela agresiorik ikusi, txupito edalontziak hegan egiten baino ez. Eta, kalera atera zenean, tenientea lurrean ikusi zuela eta bere ondoan zegoen lagunari laguntza eskaini ziola, baina Maria Josek laguntza ukatu ziola; eta ez ziola erantzun hurrengo egunean bidali zion mezuari.
Maria Josek, berriz, kontrakoa adierazi zuen epaiketan, besteak beste: bortizki jipoituak izan zirela taberna barruan eta inork ez ziela lagundu. Asuntoa da, Amaiak ez ezik, testigantza eman duten testigu guztiek ez zutela jipoi basatirik ikusi, eta bi agenteek eta haien bikotekideek kontatutako errelatoa ezin izan dutela egiazki frogatu.
Hala eta guztiz ere, gazte batzuek 2 urte baino gehiago daramate kartzelan, eta beste batzuek 9 hilabete egingo dituzte laster. Bitartean, gu lur jota gaude, ez baitugu ulertzen nola eman diezaioketen oraindik balioa agenteen eta neska-lagunen kontakizunari. Zein interes dago atzean? Dagoeneko ez ote da nahikoa ordaindu?
Apelazioaren zain gaude, triste gaude, asko sufritzen ari baikara, baina baditugu motiboak berri onak jasotzeko. Ez dakit orain jasoko ditugun, horixe nahi eta behar dugu. Bi hitzetan esanda: justizia eta egia. Altsasukoak aske!
----------
Mila Salgado
Altsasu