Kuriosoa da NATOko herrialdeek edo haien aliatu sionistak botatako bonbak bakezaleak direla, jasangarriak eta demokratikoak; aldiz, sistema anker horren aurka borrokan dihardutenek egindako edozer, eraso terrorista. Bitxia da politikari askoren ahotan dabilen Gerrari ez leloa, mantendu nahi duten bake horrek herri langileon desagerpenerainoko esplotazio eta zapalkuntza dakartza eta. Jende asko gure herriko bizi-baldintzek kezkatzen dute, baina fokua gure zilborrera mugatzen badugu arrisku larria dugu: ongizate estatua mantentzearen izenean besteen sarraskian eta barne-etsaiaren ezabaketan oinarritutako sistema betikotzea. Euskal Herria independente, sozialista eta internazionalista ez da nahimena, premia da. Duela 40 urte Hego Euskal Herriak NATOri ezetz esan bazion, herri osoko antolakuntza eta borroka mailari esker izan zen. Gaur, inperialismoaren beso armatuaren aurkako borroka hil ala bizikoa da, 1986an zen eran. Martxoaren 14an Iruñean ikusiko dugu elkar.