Kontrakotasun horretan, taldea kohesionatu eta homogeneizatzea izan ohi da helburua, eta, bide batez, barneko elementu disfuntzionalak txikitzeko zilegitasuna lortzea. Etxe barruan etsaiak nortzuk diren seinalatzen ari zaizkigu: etorkinak eta mugimendu iraultzaileak. Europar lorategi odoltsuaren arerioa ere markatu digute: Errusia. Krisi kapitalistatik irteteko erremedio bakarra gerra da, eta horretarako ari da prestatzen burgesia. Industria zibiletik militarrera pasa omen behar dugu, eta onarpen zabala dago "defentsaren" izenean. Hemen sortuko den teknologia suntsitzailea hego globalaren txikiziorako erabiliko den ustea dago, albo-kalte soila zenbaitentzat.
Baina, argi izan: gure buru gainetik pasatzen diren droneek, argazkiak ateratzeaz gain, lehergailuak bota diezazkigukete. Aittejaunek irakurriko ez duen lehen zutabea da hau, baina leituko balu, ondo ulertuko luke zertaz ari naizen. Gerra ate-joka dugu, gainean; baina ez gara begietara begiratzera ausartzen.