Gizon mengel bat dago, garagardoari zurrutaka ari den artean txanpon bat bestearen atzetik makinan xahutzen. Eta demagun horretan daramatzala hamarnaka urte, ordu gehienak han pasaz makinari begira eta lerroan aterako zaizkion hiru figura berdinak irudikatuz. Hainbeste urte jokatzen eta ez du bueltan xentimorik ikusi.
Eta zuk, hor ertzetik begira zabiltzan horrek, penaz begiratzen diozu. Gaur, kontzientziak hainbeste dizu pisatzen, ezen tipoarengana hurbildu baitzara jokoa txarra dela zurrunki baieztatuz, dirua probetxuzkoago den zerbaitetan xahutu dezala gomendatuz. Gizonak kasu zipitzik ere egin ez dizun sentipenarekin atera zara taberna-zulotik.
Zure errutinako hiru ardoak hartuta, kalean nahasi samar aurrera zindoazela, konturatu zara kiniela eta loteriaren zenbakiak tabernako barran ahaztu dituzula. Eta bertara itzuli zara, makinako tipoak zuk esandako hitz berberak zurekin erabili ditzakeela pentsatu ere egin gabe; "ez gara berdinak".