Dena etengabeko mugimenduan dagoela nabaria da, beti izan da horrela baina. Aurkako indarren talkak darama historia aurrera, mugitzen ez dena ez da; eta baldin bada, ez da izango.
Eta kuriosoa da, nola foro askotan gazteoz diharduten aldaketa horiek gure baitan gorpuztuko bagenitu bezala. Ez omen dugu etxerik erosi nahi, ezta autorik ere, sustrairik ez ei dugu nahi, lanpostu finkorik ere ez. "Segurtasun" ekonomiko eta soziala gure belaunaldiak borondate hutsez ukatu duen zerbait bailitzan, nahimenen ondorioa. Gurago omen dugu garraio publiko inpuntualean ibili, eta alokairu kontratuak sinatu han-hemenka, hilabete barru ziurrenik botako gaituzten lan horretan irabazten dugunarekin ordaindu ezin ditugunak.
Ba, spoiler: gezurra da, eta bestela galdetu oposizioak prestatzen ari diren inguruko gazte guztiei. Ez ditugu ongizate estatuaren azken ogi-apurrak nahi. Guk den-dena nahi dugu.