Herri bazkaria izan da niretzat pisukideok makarroi eta gaztaz hornitutako makarroiak jatea. Akelarrea izan dira niretzat apunteen inguruan egin ditudan dantzak, saltoak eta imintzioak. Olinpiadak izaten ari dira azken orduko formulak ikasteko esprintak. Kontzertuak izan dira niretzat ez urtzeko ahaleginetan dutxa hotzaren azpian abestutako kantu guztiak. Zeuk ein zeuk jan! izan da niretzat desorduetako otordu bakoitza. (Ia) gaupasak izan dira niretzat kafeinaren albo-kalteak; ez alkohol eta lagun artean gozatutako orduak.
Aurten San Juan surik ikusi gabe pasa dut solstizioa; eta nire modura ospatu dut, ahal izan den modura. Ez dut gezurrik esango, faltan bota ditut: giroa, txosnako zerbeza epeldua, eguzkia atera arteko dantzaldiak... Eta ez, faltan bota ditudan gauza horien artean ez daude zezenak, ezta herri bizi hau isiltzen saiatzen den mozala ere. Zentsuraren gainetik Arrasatek duen kontzientzia politikoa jaietan islatu duzuenoi eskerrik asko, ez dugu postaleko herria izan nahi.