Laztuta dagoen toallarekin lehortu, eta ispiluan pilatu den lurruna kentzen duzu –jakin arren gero kristala garbitu beharko duzula–. Izaren markak eta begi-zulo itzelak dituzu. Ez dituzu akatsak besterik ikusten astelehen goizetan: zure itxuran, metroko ordutegian, gosariko ogi txigortuegian…
Hori gutxi balitz, unibertsitatera iritsi, eta han daude ikaskideak, umore onez eta apain-apain denak. Listoia hain altu jarrita, oraindik txikiago sentitzen zara. Baina ez zara konturatzen itxura hori duenak ere, ez duela guztiz gustuko bere burua ispiluan. Irribarre distiratsuena duenak, bere mamuei aurre egitea saihesten du aurpegi alai horretan babestuz. Egia izango da oraindik pertsonala politikoa dela, eta politikoa pertsonala. Ez ote gara irribarredun pertsona hori, Mediterraneoko nazio horiari begira? Ez ote gara Katalunia gehiegi laudoriatzen ari, gure ispilura begiratzeko momentua ahalik eta gehien atzeratzeko asmoz?