Zenbakia ezagutzen duzu, alabari erosi diozun 6. mugikorra da. Entzuten dituzun negar zotinak konta ditzakezu; 7, guztira. Albiste txarren eskalan, alabarentzat 10a du, zuretzat 4a. 3,5 atera duela kimikako azterketan. Bere burua lasaitzeko, 18k 5etik beherakoa izan dutela esan dizu.
Heldu da alaba 6C ataria duen etxera, eta bere burua zenbaki hutsal batengatik ez gutxiesteko esan diozu. 120ko tentsioa duela esan diola medikuak. Etxean bero handia egiten duela eta, aire girotua, mesedez, 21 gradura jartzeko eskatu dizu alabak. Irratia 107.7an piztu duzu, afaria egin bitartean. Egun osoan garrantzia eman diezun lehen zifrak entzun dituzu orduan: "Transexualitatea despatologizatu du MOEk, 2018ko ekainaren 18an –gogorarazi beharra dago, homosexualitatea 1990ean ezabatu zuela buruko gaixotasunen zerrendatik–".
Hainbeste zenbakirekin galdu bazara, badaezpada diot, 2018a da; XXI. mendea; gezurra badirudi ere.