Palestinako bandera

Erabiltzailearen aurpegia Marian Porcel Exposito

Udako oporrak amaituta, abuztuko azken astean zabaldu genituen Harreman Dendako ateak.

Boluntarioak mostradorean, Bidezko Merkataritzako produktuak saltzen. Merkatu basatiari aurre egiten dioten kooperatiben produktu artisau eta ekologikoak: Kolonbiako eta Chiapasko kafea, Ekuadorko panela, Santo Tomeko kakaoa… Baita Palestinako kuskusa eta xaboi naturalak ere, besteak beste.

Aspaldi jarri genuen Harreman Dendako sarreran Palestinako bandera handi bat, herri palestinarrak jasaten duen genozidioaren aurka gaudela adierazteko. Bandera bat, gure elkartasunaren sinbolo. 

Eta hara non, lehenengo egun haietan gertatutakoa. Mostradore ostean boluntario bat, eta denda kanpoaldetik gizon bat deiadarka: “¡Quitad esa bandera! ¡Son unos asesinos!"

Benetan? Palestinarrak hiltzaileak? Lehenengo shocka gaindituta, pentsamenduak borborka.  Nola liteke sarraskituak direnak hiltzaile bezala ikustea? 

Agian, Hamasek urriaren 7ko erasoetan eraildako 1.200 israeldarrak zituen gogoan gizon horrek. Eta Hamasekoek, intifadetan edo Nakban soldadu israeldarrek eraildako milaka eta milaka palestinarrak. Eta soldadu israeldarrek, naziek holokaustoan akabatutako milioika juduak… eta atzera eginez, humanitatearen Historia jausitakoen odolarekin idazten dela konturatuko gara. Garaileek hilotzen gainean eraikitzen dituzte etorkizunaren zutabeak. Eta indarkeriaz ezarritako oinarriek indarkeria gehiago dakarte. Bestela, nola liteke holokaustoa sufritutako herri batek egoera beretik pasaraztea beste herri oso bat?

Estatu sionistak eta bere lagunek ez daukate inolako justifikaziorik, eta Palestinako banderak Harreman Dendan iraungo du Palestina libre izan arte, edozein sumintzen dela ere. Baina badago egin beharreko hausnarketa: Historiaren zirimolan, denok pasa gaitezke biktima izatetik hiltzaile izatera. Eta alderantziz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak