Behin betiko gure bekatu eta ergelkeria naturaletik salbatuko gaituena. Gure bizitzak errotik eraldatuko dituena. Gizaki eta gizarte distiratsu bat, potentzial mugagabearekin. Baina ze potentzial da hori? Hiperproduktibitatea enpresentzat eta langabezia herritarrentzat? Kontsumismoa, lehiakortasun basatia eta komunitateen
erabateko kontrola?
Momentuz, ez ditu gaixotasun, gosete edota injustiziak amaitu. Ez ditu langileen lanorduak murriztu, langabeenak luzatu baizik. Ez du natura errekuperatu, ura eta energia xahutu baino. Ez gaitu libreago egin, eta bai gailu teknologikoen menpekoago.
Adimen Artifizialaren garapena azkarregi doa, eta norabide bakarrean. Sortzaileen diru-goseari eta erabiltzaileen apetei zor zaie. Bost axola giza balio unibertsalak edo oinarrizko etikak. Milioika pertsonaren datu, amets, proiektu, lan eta ideiekin elikatzen da. Informazio horrekin, finantza-jarduerak, sistema politikoak eta pentsaerak kontrolatzen ditu. Militarismoa sustatzen du, gerrateekin negozioa egiteko. Googlek, OpenAI-k, Amazonek, Microsoftek, Nvidiak, Metak eta Palantir-ek “bilioiak” pilatzen dituzte, langileak esplotatu, guztion datuekin trafikatu eta gutxieneko zergak ordainduz. Ikusi beharko da ezpal berekoak ote diren Txina eta Indiako teknologia-enpresa handiak.
Eta horrez gain, benetan guztiz eraldatuko bagara, zergatik ez digu inork galdetu nola egin nahi dugun? Herritarrok ez daukagu zer esanik? Ezin da halako boterea esku pribatuetan utzi. Estamentu publikoen eta gobernuen esku hartzea beharrezkoa da. Mugak ipini behar zaizkio. Eta norbanakook, kontzientzia hartu eta gure askatasuna noraino saldu nahi dugun erabaki.
Teknologiak ongizate kolektiboaren zerbitzura egon behar du, eta ez alderantziz. Bestela… apaga y vámonos.