Eta denbora tarte horretan, gezurrak gailurra jo du. Itxurakeria gizartearen zain guztietatik hedatu da, birusa balitz bezala.
Zer da egia eta zer gezurra? Gero eta zailagoa da elkarrengandik bereiztea. Sare sozialak, inteligentzia artifiziala, mass mediak, datu-base erraldoiak… Informazioa gutxiren esku dago, eta informazio horren gestioak botere-indarrak ezartzen ditu. Jakiterik komeni ez dena ezabatu; dagoeneko jakina dena, komenentziara manipulatu; eta boterearen benetako izaera, mozorrotu. Amaigabeko karnabal honetan, faxistek demokratak dirudite. Teknokrata handiek, adarbakar koloretsuak. Pederastek, enpresari arrakastatsuak. Lapurrek, banketxeetako zuzendariak. Genozidek, Jainkoak hautatutako bihotz garbiak.
Eta guk? Ze mozorro daramagu inauteri honetan? Gargantuarena?
Sekulakoak irensten ditugu: sistema politikoak herritarren esku daudela, eta ez botere ekonomiko eta teknologien menpe; komunikabideak independenteak direla, eta egia berdaderoa esaten dutela beti; justiziak denok berdin-berdin tratatzen gaituela; kultura herrien arima dela, eta ez kontsumorako produktu deskafeinatua; natura baliabide agortezinen iturri dela, eta ez doala inolaz ere kolapsora bidean; bakea lortzeko biderik zuzenena gerra dela, eta su-etenak bonben azpian ere eman daitezkeela…
Zenbat gezur gehiago aguantatuko ditugu? Noiz arte ezkutatuko gara “guk ezin ditugu gauzak aldatu” mozorroaren azpian?
Inauteri garaian gaude. Aldaketa garaian. Iluntasunetik, argira. Kolpez kolpe lurra esnatu eta neguak udaberriari emango dio paso. Eta guk bizitzaren betiereko berpizkundea ospatuko dugu, pozik, hemen jarraitzen dugula egiaztatzeko. Kolpez kolpe esnatu, eta eraitsi ditzagun mozorro guztiak. Bizirik gaudela eta gu ere aldatzeko gai garela aldarrikatzeko.