Enperadorearen traje berria

Erabiltzailearen aurpegia Marian Porcel Exposito

Bazen behin lurralde eta itsaso guztiak menperatu nahi zituen enperadore boteretsu bat.

Bere urtebetetze egunerako, sekulako ospakizunak antolatzea otu zitzaion. Inperioko armada indartsuak kalera atera, eta herritarren aurrean desfilatzen jarriko zituen, bere botere ahalguztiduna agerian uzteko. Argi utzi nahi zuen bera zela munduko jabe. Bera zela mundu osoko errege.

Beraz, hain egun seinalaturako, traje berri bat behar zuela pentsatu zuen. Munduko agintari gorena beste pertsona guztiengandik bereiziko zuen traje liluragarria. 

Berehala, bere inguruko jarraitzaile sutsuenak bildu, eta jantzi berezia egitea agindu zien. Sekula santan izandako traje aberats eta distiratsuena. 

Mendekoak di-da batean jarri ziren lanean. Marketineko aditu argienak, komunikabide entzutetsuenak, politikari eta epaile ustelgarrienak jo eta ke, azkenik, enperadorearen neurriko jantzi ikusgarria egin arte.

Luxuzko oihalekin egina zegoen, zein baino zein finagoa, zein baino zein desiragarriagoa: aldaketa, transformazioa, errekuperazio ekonomikoa, aberastasuna, salbazioa, urrezko aroa. 

Enperadorea, pozik, traje distiratsua jantzita agertu zen denen aurrean, desfile egunean. Munduko beste agintariak, harrituta, elkarri begiratu eta isilik mantendu ziren. Ezinezkoa zitzaien trajearen inguruan ezer txarrik esatea, euren pribilegio eta botere hondarrak galdu nahi ez bazituzten, bederen.  

Haur bat, ordea, enperadorearengana hurbildu eta jantzia seinalatuz oihuka hasi zen. Luxuzko oihalak trapu zaharrak besterik ez ziren: atzerapena, errepresioa, manipulazioa, pobrezia, hondamendia, gerra aroa. 

Argi eta ozen egin zion haurrak txilio: "No kings!". 

Eta hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan, eta oihuka dezagun guztiok "no kings!" mundu osoko plazetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak