Gerra, gerra, gerra

Erabiltzailearen aurpegia Marian Porcel Exposito 2025ko mar. 25a, 00:00

Gerra, gerra, gerra.

Komertziala, konbentzionala edo mundiala. Bost axola. Ez da beste hitzik entzuten Trump Etxe Zurira itzuli zenetik. Historiaren lokomotorak aurrera segitzen du, lagunok, eta orain gerraren mamua suspertzea tokatzen da. Armagintzaren jauntxoak pozik, munduko burtsak txaloka. Gerra da momentuko negozioa.

Eta Europak, gure Europa zaharrak, big brother orwelliarraren leloa errepikatzen du behin eta berriz: gerra da bakea. Presta gaitezen gerrarako, gure segurtasuna bermatzeko. Igo dezagun armagintzarako aurrekontua. Inbertitu ditzagun 800.000 milioi militarismoan. Autoak fabrikatzeari utzi –horretarako badaude Elon Musk eta bere Tesla hautsiezinak– eta egin ditzagun gure armak. Gure sateliteak. Gure inteligentzia. Gure armada propioa. Alista ditzagun gure seme-alabak, historiaren alde on eta egokian. 

Zein alde da hori, ordea? Palestinan garbiketa etnikoa gauzatzen den bitartean, beste alde batera begiratzen duen Europa? Ukrainako banderatxoak telebista guztietan jartzen zuen Europa eta orain marrazoen bazka izatera kondenatuko duena? NATOren parte izan eta Errusiari gasa erosten dion Europa? 

Nahikoa da. Big brother-ak ezarritako esklabotza da askatasuna sinestarazi nahi digute. Multinazional, banketxe eta erraldoi teknologikoek kontrolpean nahi gaituzte, mundua euren komenentziara antolatzeko. Esklabotza ez da askatasuna. Eta gerra ez da inoiz bakea izango. Eta gerra xaxatzen dutenek helburu zehatza daukate: kontrola eta aberastasuna gutxiren eskuetan kontzentratzea.  

Presta gaitezen, beraz, gerrarako, ezin dugu-eta enpresari eta politiko kriminalen lotsagabekeria hau onartu. Pertsonok eta herriak bagara gehiago. Giza eskubideak, justizia, berdintasuna eta elkartasuna defenda ditzagun. Horixe izango da benetako bakearen zuztarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak