Eta Harreman Dendak 25 urte betetzen dituen honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da justizian oinarritutako merkataritza antolatzea. Pertsonen eskubideak eta naturaren errespetua erdigunean jartzen dituen merkataritza bultzatzea. Hegoalde globaleko pobrezia amaitzeko. Multinazional handien abusu ekonomiko, sozial eta ekologikoa bukatzeko. Denontzat bizigarriagoa izango den mundu justu eta osasuntsuagoa lortzeko.
Agian, honen inguruan sentsibilizatzeko modurik eraginkorrena erosten ditugun produktuen atzean zer dagoen jakitea da. Eta produktuen atzean pertsonak daude; adibidez, Guatemalako Jacatenalgo herriko kafe-biltzaileak. Euren kooperatibari esker, uzta garaian zabaltzen dituzte eskolak, neska-mutikoak lanera bidali beharrean, ikasten jarrai dezaten. Eta Mumbaiko Creative Handicraft ehungintza kooperatiban, indarkeria jasan duten emakumeei enplegu duina eta iraunkorra eskaintzen zaie, genero indarkeriari aurre egiteko pentsamolde berriak landuz.
Eta horiek bezala, Bidezko Merkataritzako hainbat eta hainbat kooperatiba daude munduan zehar sakabanatuta: azukrearenak, kakaoarenak, kosmetika naturalenak…
Komunitate horiek guztiak mundu hobea eraikitzen ari dira dagoeneko. Eta guk? Zer egin dezakegu guk? Ba, horren kontziente izan, eta gaur edo bihar erosketak egitera joaten garenean, kooperatiba horien produktuak aukeratzea. Bidezko Merkataritza hautatzea. Zorionez, gure bailaran erraza da. Arrasateko Hiper Eroskin dagoen Harreman Dendara gerturatzea besterik ez daukagu.