Inoiz ez direla isildu iruditzen zaizu, bizitzan zehar bat baino gehiago lehertu zaizulako bihotz barrenean. Aita akabatu zuena Bigarren Mundu Gerran. Senarra zatitu zuena Donbassko gerran. Semea txikitu duena Ukrainako gerran. Alaba eta ilobek aspaldi alde egin zuten eta bakarrik zaude, aitaren etxe zaharraren aterpean. Nora joango zara, ba? Nork zainduko du etxea, nork herria, bestela?
Gaur ere, Mariyarekin elkartu zara haren etxeko atarian. Paretaren kontra eseri zarete, kontu kontari. Arrautza egosi bat partekatu duzue, munduko jakirik goxoena izango balitz bezala. Eta, bat-batean, negu gorriko eguerdian, eguzki izpi lotsatiek azal zimurtuak laztandu dizkizuete, eta hezur zaharkituak berotu.
Gaur ere, sirena hotsekin itzuliko zara etxera. Argirik gabeko etxera. Frontetik etorritako soldaduei ezetz esan eta gero. Ezetz, ez zoazela inora. Ez duzula errefuxiatu izan nahi. Esan dezatela nahi dutena instituzio, gobernu eta buruzagiek. Dirudienez, denok daukate arrazoia euren alde, baina arma industriaren eta armaden bozgorailuak besterik ez dira. Euren hizkuntza odoleztatutako boterearena eta diru ustelarena da. Bonbak, misilak eta balak entzuten dituzu. Sirenak, eztandak eta garrasiak. Munduko herritarren ahotsak, ordea, ez dituzu aditzen. Isilik daude? Horrek bai ematen dizu izugarrizko beldurra, benetako mina. Non dago jendea? Non ikasleak eta langileak? Non intelektualak, irakasleak, abokatuak, kazetariak? Non munduko herritarrak? Nork geldituko du gerra?
Erantzunaren zain, zure etxean geratuko zara. Zure herrian. Zure bizitza da. Zure erabakia. Zu zara benetako erresistentzia. Erresistentzia bakarra.
Eta bihar ere, bonba batek ez bazaitu desagerrarazten, berriro altxatuko zara. Eta Mariyarekin eseriko zara haren etxeko atarian, eguzki errainuek zuen hezur zaharkituak noiz berotuko duten zain.