Amaren usain goxoa, lagunarteko jolas eta liskartxoak, familia-bidaiak eta beste hainbat, era nahasian, bizitakoaren eta entzundakoaren arteko amaraun sarea bailitzan.
Hala eta guztiz ere, argi irudikatzen dut nire lau urteko gorputza San Martzialeko aldapa –orduan laukoiztua– igotzen, ondoren jango nuen bokata goxoarekin ametsetan. Baina egun hura ez zen guztiok pentsatutako erromeria eguna. Izan ere, hamasei urte behar izan genituen halako eguna Bergaran berriz ospatzeko. Eta bai, hura ere argi asko daukat; baina orduan txosnan egon nintzen, kalimotxo eta zuritoak edaten, lagunekin, parrandan eta lanean.
Egun hartan guztiok izan genuen argi, Belcebluesi esker, egun handia zela hura, Angiolilloren hil-herria izan zen hau dantzan jarri beharra zegoela, eta wolframioari esker asmatutako bonbillak bezala, argitu eta alaitu.
Ordutik zazpi urte pasa dira, asteko egunak bezain azkar igaro direnak. Hori bai, oroitzapen horiek ahaztu aurretik etorriko zaizkigu berriak. Izan ere, bi urte barru, nire memorian hirugarren aldiz, Kilometroak ospatuko dira Bergaran, Aranzadi Ikastolan. Argi izan genuen eta argi izan zen; argi daukagu eta argi izango da.