Edozein krisik gatazkak eta zailtasunak ekartzen ditu, baina baita aukera berriak ere: aldaketarako, gauza berriren bat bilatzeko eta kreatibitaterako.Lehenago modu isilagoan sumatzen bagenuen zerbait, orain, krisialdiak egunero gogorarazten digu.
Eta oraingoan bai, denongan dauka eragina. Eta honetan denok hartu dezakegu ardura, kontzientzia eta borondatez jokatuz.
Umetan zaintzea, babesa, jaten ematea eta gurekin onak izan daitezela espero eta eskatzen dugu eta hori da sasoi hari dagokiona.
Baina, heltzen garenean ere umeak bezalaxe jokatzen jarraitzen dugu? bakar-bakarrik eskatu, exijitu eta protesta egiten dugu «arduradunek» egin dezaten eta guri dena eginda eman diezaguten?.
Uste dut bakoitzak daukala ahalmena edo boterea gauzak aldatzeko. Norberaren erantzukizunari dei egiten diot.
Izan gaitezen bankari eta administratu ditzagun gure ondasunak kontzientziarekin. Izan gaitezen politiko eta gobernatu dezagun gure burua. Izan gaitezen mediku eta zaindu dezagun gure osasuna. Izan gaitezen enpresari eta egin dezagun gure lan pertsonala denondako aukerak sortuaz.