San Valentin: matxismoaren eta kontsumismoaren erakusleiho gorena

Erabiltzailearen aurpegia Maite Otxandiano 2017ko ots. 14a, 08:20

Arrosa, bonboi eta bihotz askoren eguna, faltsutasunez betetako eguna, merkatuak eta merkatuarentzat sortutako eguna.

Badirudi otsailaren 14 batez opari kurtsiak egiteaz erakusten diogula munduari zenbat maite dugun gure bikotekidea. Bikotekidea bai, eta, nola ez, heterosexuala. Gizonak emakumeari arrosak edo objektu femeninoren bat oparituko dio, denda batean San Valentin egunerako sortutako atalean erositako balio  sentimentalik gabeko objektua. 

Antzina, otsailaren 14a ugalkortasunari omendutako eguna zen. Emakumeoi animalia larruz egindako latigoz jotzen ziguten, honela gure ugalkortasuna handituko  zelakoan. XX. mendetik aurrera festa hau garaiko Britainia Handi aurreratuak erromantizatu egin zuen, gaur egun dena bihurtuz eta globalizazioaren ondorioz  apurka-apurka mundu osoan zehar zabaldu zen, hau ospatzea ohitura bihurtuz. Maitasuna materializatu egin dugu. "Bonboiak oparitzen badizkit maite nau”, hainbestetan entzun dugun esaldia. Zenbat eta diru gehiago xahutu oparitan, orduan eta gehiago maiteko nau.

Eta urte hauetan guztietan maitatu dugula jakina da, baita maitatzen jarraituko dugula ere, baina San Valentin egunean saltzen diguten maitasun ereduari jarraituta? Baita zera ere! Saltzen diguten maitasun ereduak zer ekarri digu urte hauetan? Emakumearen zapalkuntza hemen ere: zenbat eta zenbat nerabe –eta ez hain nerabe– bere bikotekidea delakoagatik baldintzatuta –beste mutilekin ez hitz egiteko, zer egin behar dugun esan beharra…– Edozein arazo dagoela ere, harremanaren iraupena luzatzera baldintzatuta, ezkontzetan esaten den lez, heriotzak banandu arte. Bikotekiderik eduki ezean, berriz, pertsona osoa ez zaren ustea, zoriontsu izateko bikotekidea eduki beharra…

Gainera, harremanaren osasunaren bermatzea ere, emakumearen betebehartzat jotzea, sentimenduen ardura… Beste edozeren gainetik bikote harremana jartzea, bizitzaren erdigunea izango balitz bezala. Eta horrelako adibideekin egunkari bat bete genezake.

Ez dugu maitasun erromantikoan sinesten: ez dago printze urdinik –itota ez badago ez, behintzat–, ezta laranja erdirik ere –zukua egitekoa ez bada–. Nazkatuta gaude gizabanakoa pertsona osoa ez dela entzuteaz. Kokoteraino gaude San Valentin bezalako egunez. Kapitalismoaren eskaparate gorenean jartzen da ikusgai gizartea, maitasun erromantikoari men eginez.

Ustelduko zaizkigu loreak, jango ditugu txokolate kaxa guztiak, irentsitako koloretako bihotzak botako ditugu, mutilak janzten uzten ez digun gona hori jantziko dugu, kalera aterako gara munduko irribarrerik handienarekin, ispilura begiratu eta irri bat marraztuko zaigu aurpegian, mundua jatera joango gara eta San Valentini su emango diogu. Gure burua maitatuko dugu eta erakutsiko diogu/diegu maite dugun/ditugun horri/horiei otsailaren 14 batez eta gainontzeko 364 egunetan zer sentitzen dugun. Orduan hasiko gara bizitzen!

----------

Maite Otxandiano, Itsaso Ruiz de Larrinaga, Jone Iribecampos, Ane Guridi, Marixe Ruiz de Austri, Ane Garai, Garazi Azkarate, Laura Bueno, Lide Galdos, Amagoia Muniozguren eta Ane Agirre

Pottogorriak-en izenean

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak