Espainiako hauteskundeetarako EH Bilduk herriz herri eginiko batzarretan, Madrilen gure ordezkariak izango zirenak aukeratu ziren, eta, ondorioz, Eusko Legebiltzarrean gipuzkoarron ordezkarietako bat zen Marian Beitialarrangoitiak legebiltzarkide eserlekua utzi du; bere hutsunea nik bete dut. Lan bikaina egin du, eta langa oso altu utzi dit, baina ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz. Hasiera beti izaten da gogorra, baina ilusioz eta gogoz hartzen denean, errazagoa izaten da beti. Ilusioa soberan dut; beraz, ez dut uste egokitzea asko kostako zaidanik.
Lerro hauek aprobetxatu nahi ditut legebiltzarkideon papera zein den irakurleari azaltzeko, irudipena baitaukat ez dela oso ondo ezagutzen, edo ez dugula ondo azaltzen.
Gobernuaren kontrola egiteaz gain, gu herriaren ahotsa izan beharko ginateke, bere bozgorailua, egunerokotasunean herritarrok kezkatzen gaituzten gaien inguruko iritziak pentsaera ezberdinekoen artean eztabaidatu eta gobernuari ezagutarazteko ardura dugunak.
Beraz, erabili gaitzazue zuen kezkak helarazteko. Jarri zaitezte gurekin harremanetan. Denon zerbitzura gaude, edo egon beharko ginateke, behintzat; bestela, oker gabiltza!