Eta ehunka pertsona tren baten sartu eta ganadua balitz bezala noraezean eduki dituztela ikusita, nola ez samindu?
Oso irudi gogorrak ikusi ditugu, pertsona hotzenari ere barrua ondo astintzeko modukoak, baina negargura handiena ematen didana Europako agintari gehienen motelkeria eta zurikeria da. Gizarteak kalera irten eta benetan erreakzionatzeko eskatu duen arte, apenas egin dute ezer. Eta eskaera honi erantzunez zerbait egiten ari direla erakusteko, agintari batzuk arazoari partxeak jartzen hasi dira, beste batzuen kontrako iritziarekin.
Siriakoa ez da bat-batean hasitako gatazka. Urteak daramatzate egoera tamalgarrian. Bai han eta baita munduko beste herrialde askotan ere. Gose eta gerratik ihesi, daukaten guztia atzean uzten dutenak milaka eta milaka dira, bizitza hobe baten bila datozenak Europa zibilizatu eta oparora, bidean edo helmugan zer aurkituko duten imajinatu ere egin gabe. Eta beste milaka eta milaka izango dira etorri nahiko dutenak, tokian tokiko arazoei irtenbiderik aurkitzen ez bazaie, eta, noski, kapitalismo basati eta krudel honek herrialde haietan dituzten interesetatik bere atzaparrak urruntzen ez dituen bitartean.