Horixe eskaini zigun Ines Osinagak igandean, Shot! estudioaren aldeko kontzertuan: espektakulua. Igo zen, beltzez, ezpain gorriz, oholtzaren gainera. Bera, eskusoinua eta sandalia planoak. Mutu zegoen antzokia. Soinuaren maletatxoa hartu, eta gainean eseri zen, mikroak eta makinak ondo kokatu, eta zorrotz begiratu zigun. Kontatu zigun nola guztia aldatzen den, eta nola aldatu den bera ere. Nola suak ez dituen inoiz hitzak erreko, eta, hala ere, nola hitzek beti jarraitzen duten aldatzen. Hitz zehatzak bota zituen, zorrotzak. Bakoitzak bere esanahia, bere pasioa eta bere helmuga: bihotzera, zuzenean, gezi zorrotzenaren gisan.
Isiltasuna. Txalo bat, bi, hiru. Ahoarekin soinu bat, bi, hiru. Melodia bat, bi, hiru, soinuarekin. Bat, bi, hiru kolpe lehor. Dena grabatu, eta bata bestearen atzetik hasi ziren soinuak batak besteekin lotzen, korapilatzen, loratzen. Eta, talentu erakustaldi hark hobera egin ezin zezakeela zirudienean, guztia alde batera utzi, hankak ireki eta ahoa irekitzearekin batera erakutsi zigun zer zen pasioa.
Besterik gabe, plazer bat da magia bertatik bertara ikusi ahal izatea; edonor ez da gai gar xume bat antzoki oso bat erre dezakeen sute bihurtzeko.
----------
Maria Oses
Arrasate