Afektua gramotan neurtzen da. Arrakasta, ekoizpenaren, estatistiken eta diruaren arabera. Artistak maskota bihurtu dira. Halako gizarte bat irudikatzen du Afonso Cruz idazleak Vamos a comprar un poeta (2025) eleberrian.
Istorioko familia protagonistak poeta bat erostea erabaki du, gutxi kontsumitzen duelako eta, margolariek eta eskultoreek ez bezala, ia ez duelako zikintzen. Alegia, kalkulu ekonomiko baten ondorioz ebatzi dute poeta dela maskotarik errentagarriena. Etxean, eskailera azpiko txoko txiki bat egokitu diote bizileku, larregi molesta ez dezan. Ez dakitena da poeta txiki horrek hankaz gora jarriko duela familiaren bizimodua.
Espoilerrik egin gabe, jatorriz portugesez idatzitako eleberri honek gogorarazten digu zein garrantzitsuak diren sormena eta edertasuna gure bizitzetan. Poesiaren bidez egiten du, baina berdin balio lezake literaturak, arteak edo, oro har, erabilgarritasunaren eta errentagarritasunaren logikatik kanpo dagoen beste edozerk. Horixe da, hain zuzen, liburuaren muina: benetan balio duena ez dela (beti) neurtu daitekeena.
Istorioa gizarte distopiko batean gertatzen da, dena neurtzeko, zenbakitan adierazteko eta kalkulu eta formula ekonomikoetara ekartzeko joerak jandakoa. Izan ere, distopia horretatik uste baino gertuago gaude. Mundu mailako ziurgabetasuna handitzen ari den honetan, sare sozialetako bihotzekin elikatzen dugu arima, sari eta aitortzen bidez neurtzen dugu arrakasta, eta (ia) denaren balioa zenbakitan adierazten dugu. Gu geu ere estatistika, algoritmo eta datu bihurtu gara, etengabe neurtuak, sailkatuak eta ebaluatuak; bidean, neurtu ezin denaren balioa ahaztuaz. Agian, guk ere poeta bat erosi beharko genuke.