Hirian

Erabiltzailearen aurpegia Monika Madinabeitia Medrano 2026ko ekainaren 17a

Lanerako bidean, goizeko freskura aprobetxatu nahi duten kirolariak ikusten ditut

Ikusten ditut ere honezkero auskalo zenbatgarren kafea esku artean dutenak. Ez dira falta kotxe ilarak edota bizikletan doazenak. Umeak eta gazteak nirekin gurutzatzen dira, eskolara bidean, garai honetan, oporrak noiz iritsiko amesten. Ni lanera iritsi orduko, hiria martxan dago, normaltasunez.

Normaltasun horren erdian, ordea, bada ere oso anormala izan beharko lukeen eta egunero ikusten dudan beste errealitate bat: zubi azpian eta errekaren bi ertzetan bizi direnen kanpalekuak.

Hiriaren estetika astintzen dute. Bai. Baina, batez ere, gure kontzientzia astindu beharko lukete. Halere, nik nire bideari ekiten diot. Pozik, gainera, nire goizeko dilema handiena tea ala kafea aukeratzea izan delako, eta leihotik begiratzea, aterkia ala sandaliak jantziko ditudan erabakitzeko. Bitartean, oso-oso gertu, beste batzuek ez dute aukerarik ere non lo egingo duten erabakitzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak